Herritarrek ezkerra ezberdin ulertzen badute, ongi etorria da emaitza berria, eskuma eta beraien sozioak gero eta gutxiago badira
Aupa Iñaki!
Zuk esan duzu, bai…benetan pozgarria da Syrizak Grezian egin eta lortu duena. Ez da Syrizaren garaipena soilik izan, argi dago. Beste Europar Batasun bat nahi dutenen, herrien Europa nahi dutenen, gutxiago dutenen kontrako austeritate neurriekin bukatu nahi dutenen eta Europar proiektua bera kolokan jartzen dutenen garaipena ere izan da.
EHBilduk gertuko jarrera izan du Syrizarekin, horrela da, Troika kolokan jarri nahi duen proiektua delako, beti ere ezkerritik eta herritarrek eraikia. Hots, Europako eredu neoliberalaren kontra indarrak batu behar direlako.
Syrizaren ezaugarriak Podemosekin lotzen omen direla, EH Bildurekin lotu beharrean? Ez nago horrekin ados. Syriza, egia da ez duela estaturik gabeko herri bat ordezkatzen, baina Europar neurri sozioekonomiko antisozialen kontra dagoen edozein alderdirekin lotu daitekeela uste dut. Edozein dela gero, alderdi horietako bakoitzak, bere herrian duen gatazka identitarioa.
Kataluniara begiratuta, CUP izan daiteke bai, figura eta ezaugarriei dagokionez, ezkerreko alternatiba zorrotz bakarra, nahiz eta termino elektoraletan, zoritxarrez, nahiko nukeen indarrik ez daukaten oraindik, beraz, oraingoz, ez dut CUP ikusten, Syrizak lortu duena lortzen, eta bere esku, aldaketarako giltza izaten.
Ikusteko dago bai, Podemosen indar elektorala zenbaterainokoa izango den eta zein neurrira kaltetuko duen nor, norbait kaltetuko baldin badu. Batetik, dena ez delako emaitza elektoraletan neurtzen eta bestetik, parlamentu batean, alderdi ezberdinez ordezkatutako gero eta eserleku ezkertiar gehiago izan, gero eta hobeto delako, nire iritziz.
Zaila denari ez zaio uko egin behar, benetan pena merezi baldin badu, eta independentzia lortu gabe eraldaketa ekonomiko eta soziala gauzatzea lorpen erreza izango ez den arren, (gure historio hurbilak argi uzten du hori), ez da ezinezkoa. Are gehiago, beharrezkoa da. Nola bestela? Independentziaren aldeko jarduna, eraldaketaren aldeko jarduna da. Eraldaketarik gabe, independentzia lor zitekeen?? Eta alderantziz. EH Bildu da, Euskal Herrian, apustu hori egiteko prest dagoen eta horretarako gaitasuna duen alderdi politiko bakarra. Ez dugulako espainiarekin loturarik hitzartu (hau aldiz, gure historia urrunetik ikusten da). Gure konpromiso bakarra, herritarrekiko duguna delako, eta ez besterik.
Podemosek Euskal Herrian eraldaketa soziala egiteko prest dagoela? Hori, oraindik ikusteko dago. Eta horrela balitz, pozgarria litzateke. Bidean elkartuko gara. Gero eta gehiago izan, gero eta hobeto…
Podemosek trabatu dezakeela EH Bildu eta CUPen balizko gorakada? Hori ere ikusteko dago. Hori bai, gertatzekotan, panorama parlamentarioa, ezkerreko ikuspegi eraldatzaile batentzat, ona edo txarra litzateke?? Zer da lortu nahi duguna?? Eta lortu nahi dugun hori gauzatzeko, nolakoak izan behar dira ondoan eta aurrean ditugunak? Eta zenbat (indar korrelazioak eman dezan)?
Asko pentsatu dut horretan, eta gero eta konbentzituago nago, ekuazioa modu bakar batean ebatzi daitekeena: herritarrek, ezkerra ezberdin ulertzen badute ere, ongi etorria izan dadila planteamendu eta emaitza parlamentario berria, eskuma eta eskumarekin hitzartzen dutenak pixkanaka-pixkanaka gero eta gutxiago badira. Nirekin zaude honetan??
Compartir
Gaur bertan Syriza Grezian egiten ari denak ilusioz betetzen gaitu asko eta asko. EH Bilduk ere gertuko jarrera du Syrizarekin, baina estaturik gabeko herri bat ordezkatzen ez duen alderdia denez, logikoa da alderdi greziarraren figura eta ezaugarriak Podemos-ekin lotzea, EH Bildurekin beharrean. Izan ere, Kataluniara begiratuz gero, CUP izan daiteke ezkerreko alternatiba hori, baina ez da ERC eta CiUra emaitza elektoraletan hurbildu ere egiten. Ikusteko dago gainera, bai Katalunian bai EHn, zein eragin izango duen Podemosen agerpenak, eta kaltetuko ote dituen CUP edo EH Bildu. Posible da, Syrizak ordezka dezakeen aldaketa Euskal Herrian EH Bilduk gidatzea, aurretik independentzia lortu gabe? Zaila dirudi. Baina badirudi, halaber, aldaketa sozial horiek gaur gaurkoz egiteko prest dagoenak -kasu honetan, Podemosek- trabatu egingo duela EH Bildu eta CUPen gisako alderdien balizko gorakada? Nola ebatzi daiteke ekuazio hori?