Korrika egiten jarraitu behar izatea seinale txarra ote?
Alde batetik, hala da, Korrika antolatu behar izateak euskalduntze eta alfabetatze arloan oraindik gabeziak daudela eta ematen diren diru laguntzak nahikoak ez direla gogorazten digu. Bestalde, egun Korrikaren dimentsioak gainditu du hasierako helburua, eta egun, euskararen aldeko aktibazio sozialerako eta motibaziorako ekimen oso baliotsua dela kontuan hartu behar dugu.
Korrikaren lehen edizioetan AEKn nenbilen irakasle eta gertutik ezagutu nuen 80. hamarkadan hasierako edizioak. Zorionez gainditu dira Jaurlaritzaren eta zenbaitzuen hasierako oztopo eta traba, eta egun onarpen eta babes zabala du gizartean. Diru laguntzak eta lan baldintzak normalizatzen joan dira. Baina, hala eta guztiz, oraindik AEK edo IKA bezalako erakundeei ematen zaizkien diru laguntzak ez dira nahikoak. Gainera, euskara ofiziala eta eskubide bat bada, zergatik ordaindu behar du herritar batek ikasteko?Azken urteetan asko dira euskararen irakaskuntza doan eskaintzen dituzten hiriburuetako Hizkuntza Eskoletan tokirik gabe gelditu diren ikasleak, hau da, euskara ikasteko ordaindu beharreko diruak oztopoa da gaur egun euskaltegietako matrikulazioan. Hau EAEri dagokionez, Iparraldean euskara jarraitzen du ofiziala ez izaten, eta Nafarroakoak ez du izenik.Izan ere, azken bi urteetan UPNren gobernuak bertan behera utzi ditu euskaltegiei ematen zitzaizkien laguntza guztiak, berezko hizkuntza, lingua navarrorum, baztertuz eta zapalduz. Hau ez ote da hizkuntza genozidioa?
Bestalde, zuk zeuk diozun moduan Korrika ekimen zoragarria eta emozioa sentiarazten du. Euskararen aldeko aldarria, festa giroa, kirola, herri ekimena, elkarlana, auzolana, irudimena, herri izaera eta ekintza kolektiboa bada, eta benetako izaera nazionala duen ekimen bakarrenetako da 7 euskal lurraldeak zeharkatuz. Korrika adibide ezin hobea da kanpoko bati Euskal Herriko izaeraren funtsa labur adierazteko. Aspaldi gainditua du hasierako helburua eta egun hizkuntza berreskuratzeko mugimenduak diru beharrik izango ez balu ere, egiten jarraitu beharko litzateke euskararen aldeko motibazioa eta aktibazio beharrezkoa da eta izango baita datozen urteetan. Aurrekoa esanda, aitortu behar da euskalduntze eta alfabetatze mugimenduak ez duela oraindik lortu beharko lituzkeen estatusa eta baldintza ekonomikoak, egindako Korrika guztiak lagungarriak izan badira ere. Hortaz, bada garaia arlo politikoan eta instituzioetan hizkuntza normalizazioan eta euskalduntze arloan urrats sendoagoak emateko.
Laburbilduz, nire ustez, ospatzeko eta gozatzeko balio izateaz gain, normalizazioan aurrerapausoak emateko ere baliagarria izaten jarraitzen du Korrikak, batez ere, gizartearen aktibazio eta motibazioari dagokionez, nahiz eta oraindik normalizaziorako urrats sendoagoak eman behar diren
Compartir
Korrika ekimen zoragarria iruditzen zait, Euskal Herri osoa ibilbide berean bildu eta emozio bera sentiarazten jartzen duelako. Baina aldi berean, gure hizkuntza dela-eta halakoak egiten jarraitu behar izateak normalizazio falta erakusten du. Ospatzeko eta gozatzeko bai, baina aurrerapausoak emateko, aproposa da Korrika?