PESA autobusen geldialdiak Gasteizen
Eskerrik asko Aitor,
Lehenik eta behin, azpimarratu nahi nuke Donostia-Gasteiz lotzen dituen PESA konpainiaren zerbitzua oso erabilia dela, bertan unibertsitate ikasketak burutzen dituzten ikasleez gain, Administrazioko langileak (Jaurlaritza - Lakua, Legebiltzarra...) eta egunero Gasteizera lanera joaten den langile ugari baitago. Honenbestez, eskaria zabala da eta erabiltzaileak anitzak, bakoitzak bere mugikortasun beharrak ditu.
Erdigunean kokatzen zen behin-behineko estazioak izaera probisionala zuen arren, behar baino gehiago luzatu da denboran, Gasteizeko Udalak geltoki berria orain gutxi inauguratu duen arte. Ez nintzateke ausartuko esaten kokapen bat edo bestea egokiagoa den, mota guztietako iritziak egongo baitira. Batzuek aurreko kokapena nahiago izango dute, aldiz, beste batzuek kokapen berria egokiago ikusten dute.
Politikarion lana, hiritarren arazoak konpontzea da, eta zuk diozun moduan estazio berriak arazoak sortzen baditu, arazo horiek konpondu beharko dira. Geltoki berriak intermodalitate gunea izan behar luke, non PESA bezalako lurralde arteko autobusak eta autobus urbanoak etengabe konektatuko diren, non tranbia zerbitzu eraginkor batekin bat egin daitekeen... eta eskaria balego, unibertsitatera zuzenean joateko "lanzadera" moduko bat egon dadin. Geltokia berria hiriko komunikazio sarean txertatu beharra dago, eta orain arte eskaintzen ziren zerbitzu eta lineak behar berrietara egokitu beharko dira.
Formula hori, leku askotan erabiltzen da eta emaitza eraginkorrak ematen ditu. Donostiako kasuan adibidez, PESAko autobusen geltokia Amaran kokatzen den arren, Unibertsitateetara zuzenean joaten den zerbitzu bat eskaintzen da. Zuzenean bus batetik jaitsi eta bestera igo daiteke, txartelarekin "transbordoa" eginaz. Pentsatzen dut denbora kontua izango dela, kasu honetan bereziki Gasteizko Udalari dagokion arren, erakunde ezberdinek ahalegina egin beharko dugu garraio publiko praktiko eta erabilgarri bat eskaintzeko, eta horretarako zerbitzuak beharrezko hobekuntzak egiteko.
Compartir
Gipuzkoar askok erabiltzen dugu “MUGI/Lurraldebus” sistemako “PESA” konpainiaren autobus zerbitzua lanera eta ikastera Donostiatik Gasteizera joateko. Asko unibertsitatera joaten gara, beste batzuk Gasteizko erdiguneko beste puntu batzuetara.
Gasteizen ireki duten geltoki berriak gure azken helmugetatik oso urrun uzten gaitu eta bertara iristeko denbora nabarmen luzatzen digu. Bide hau lehendik ere nahiko luzea da eta luzapen gehigarri hau gure familia eta gure ikasketa edo lanak bateratzeko oztopo handia da.
Badago konponbiderik? Soilik PESA enpresaren erabakia da edo Gasteizko Udalak ere neurriak har ditzake geltoki gehiago ere egon daitezen?