EHBildurentzat lehentasunezkoa da Metro pasanteari buruzko prozesu parte hartzailea egitea
Lehenik eta behin, mila esker galdera hau luzatzeagatik eta egiten ari zareten lanagatik.
Galdera zehatza da eta zuzenean erantzungo dut:
Bai, EH Bildurentzat lehentasunezkoa da Metro pasanteari buruzko prozesu parte hartzailea egitea, obrak hasi baino lehen. Izan ere, Donostiako udalbatzan behin baino gehiagotan eskatu dugu, baina udal gobernuak zein inplikatuta dauden beste erakundeek ez dute egiteko asmorik adierazi.
EAJk eta PSEk herritarrekin diagnostikoak, lehentasunak eta erabakiak partekatzeko prozesu parte hartzailea egin ordez, marketing kanpaina erraldoia abian jarri dute. 2015eko udazkenetik zain gaude proiektua herritarrekin konpartitzeko, azaltzeko, eztabaidatzeko, jendea zein eragileen iritzia entzuteko... Baina, horren ordez, publizitate kanpaina erraldoiari, propaganda-tsunamiari ekin zaio: buzoneaketa, kartelak, spot-ak...
Hala eta guztiz ere, herritarrek proiektua ez dute begi onez ikusten. Benetan adierazgarria izan da nola Gobernu honen proiektu nagusi batek, lehen metroa zena eta berriro Topo izena berreskuratu duena, inkesta desberdinetan suspentsoa jaso duen.
Esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzean egindako inkestak hautsak harrotu zituen jakin zenean metroak ez zuela gipuzkoarren oniritzia jaso (4,8ko nota atera zuen). Eta joera okerrera joan da. Batik bat, orain dela aste batzuk Donostiako udalak egindako inkestaren arabera, donostiarrok ez dugu metroa beharrezkoa ikusten (10 puntuetatik 3,56ko nota eman diogu), eta hori obrak hasi baino lehen; hau da, zarata, hautsa, bide-mozketak eta antzeko kalteak nabaritu gabe.
Baldintza hauetan obrak hastea, eta, batez ere, benetako prozesu parte-hartzaile bat egin gabe, gure iritziz akats larria izango litzateke.
Compartir
Kaixo,
Satorralaia Elkartetik Donostiako Udaleko politikariei galdera oso zehatz bat egin nahi dizuegu:
Prest egongo zinakete urtea amaitu baino lehen, Donostiako auzoetako bizilagun, elkarte eta talde sozialekin parte hartze prozesu bat egitera metroaren inguruan?
Mila esker,
-Satorralaia elkartea-