PNVko ordezkariak ez dira gai izan Bilboko museoaren ustezko arrakastari etekina ateratzeko akordio berrian
Kaixo Javi,
-Lehenik, prozedura bera aldatuko nuke: bulego itxi batean, inori ezeren konturik eman gabe hartutako erabaki bat izan da. Onartezina guztiz, horrenbeste diru publiko jasoko duen proiektu baten etorkizuna definitzeaz ari garenean. Guztion diruz finantzatuko bada, gutxien-gutxienez eztabaidatua izan beharko da. Eztabaida bahitu dute, eta bulego itxi batean hartu dituzte erabakiak. Zer ezkutatu nahi izan dute?
-Bigarrenik, 20 urterako epea du akordioak, eta luzeegia dela iruditzen zaigu. Horrek unean uneko testuinguruari egokituko zaizkion baldintzak negoziatzea zailtzen baitu. Ez du aukerarik ematen jardunaren epekako ibilbidearen balorazio bat egiteko, eta euskal instituzioentzat eta ondorioz euskal jendartearentzat egokiagoak izango diren baldintzak ezartzeko. Ez dezagun ahaztu Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren aurrekontuaren zati handi bat jaten duela Guggenheimek. Eta horri lotzen zaio aldatuko genukeen beste elementuetako bat: finantzazioa.
-Finantziazioari dagokionez, bi elementu jartzen ditugu auzitan: ordainketa dolarretan egitea huts handia dela uste dugu, dolarraren balioa etorkizunean igotzen bada (hainbat adituk aurreikusten duten bezala), guretzako kaltegarria izango delako. Bestetik, zalantzan jartzen dugu urtero kopuru berdina ordaintzea, hau da, 2,4 milioi euro. Gainera, orain arte ordaindu den 1,77 milioi euroko bataz bestetik gorako kopurua da. Ez du zentzurik, halaber, diru kopuru berbera bideratzea urtero, urtetik urtera museoaren beraren aurrekontua berbera ez denean.
-Laugarrenik, eta programazioari dagokionez, guztiz hankamotz geratu da bertoko arteari eta artisten esparruari dagokionez. Parte-hartzea, lankidetzak, artista gaztea… Jaularitzak dio hori ez dela New Yorketik etorri beharreko zerbait, baina zalantzak ditugu akordio batean blindatu ez den ezer garatzeko aukerarik izango ote den. Urteotan ikusi baitugu Bilboko Guggenheim museoak ez duela kultur politika propiorik.
Horrenbestez, argi dago, beste behin ere, herritarron interesei bizkar ematen dien akordio bat izenpetu dutela PNVko buruzagiek. AEBetako fundazioaren interesei erantzuten dien akordioa dela, alegia. Eta horregatik prestatu dutela ezkutuka eta isilpean.
Bada ere zer pentsatua ematen duen beste elementu bat: Bilboko museoaren jarduna urteotan saldu dutena bezain arrakastatsua izan bada, AEBetako Solomon R. Guggenheim fundazioa izango zen berau mantentzeko lehen interesatua, eta horrek euskal erakundeak posizio indartsu batean kokatuko lituzke akordioan baldintza hobeak negoziatzeari begira: euskal instituzioek diru gutxiago jarri behar izatea edota erabakitzeko ahalmena irabaztea, esate baterako. Ezin baitugu ahaztu dirua euskal herritarrok jartzen dugula, baina erabakiak AEBetan hartzen dituztela. Ordea, museoaren urteotako ustezko arrakasta ez da islatzen akordio berrian, PNVko ordezkariak ez dira gai izan arrakasta horri etekinak ateratzeko eta baldintza hobeak negoziatzeko. Batek daki: agian Guggenheim museoa ez da saltzen diguten bezain negozio ona…
Partekatu
Luze hitz egin daiteke Guggenheim-ek Bilbori ekarri dizkion onura edo kalteez, baina behin eraiki eta martxan jarrita, ez dago atzera bueltarik. Funtzioa aldatzea da aukera bakarra, nola eta hitzarmenen bitartez. Oraintxe sinatu dute azkena, eta bide beretik jarraitzen duela dirudi. Ze aldaketa proposatuko zenituzke hitzarmen horretan? Euskal artistek toki gehiago izateko biderik badago?
Batu zaitez Osoigora