PNV-PSE-PP eta komunikabide ofizialek okupazio mugimendua kriminalizatzen jarraitzen badute, erasoek jarraituko dute
Aupa Ainhoa!
Zuk esan duzu bai, Kukutza proiektua deusesteaz gain, Errekaldeko ekintza planarekin akabatzeaz gain, herri mugimenduari zauri mingarri bat irekitzeaz gain, hemen nork agintzen duen indarrez adierazteaz gain, maila instituzionalean herritarren kontrako ekimen hauek nortzuk babesten dituzten argi geratzeaz gain, orain, gainera, ia 4 urteren ondoren, lurzorua hutsik eta, kalekide bati, 3 urteko zigorra ezarri dio epai injustu eta zentsugabe batek.
Gutako edonor izan zitekeen…! Horregatik, EHBilduk, epaituen aurkako zigor eskaerak bertan behera geratzeko eskatu izan dugu, beste behin ere, alperrik.
PNV, PSE eta PPri esker, eta noski, komunikabide ofizialen ageriko babesarekin, okupazio mugimenduaren kriminalizazioak jarraitzen duen bitartean, erasoak besterik ez ditu jasoko guretzako eskubide bat denak.
Argi dago eredu ezberdinak defendatzen ditugula batzuk eta besteok. Argi dago, guretzako espazio hutsik ezin egon daitekeela, espazio baten beharra duen herritar bakar bat dagoen bitartean, izan bizitzeko, zein ekimen konkretuak aurrera eramateko. Zelan hau azaldu, soberan daukanaren mesedetara gobernatzen duenari? Zelan hau azaldu, baliabideen banaketa justuan lapurreta ikusten duenari?
Kukutzaren epaiaz ondorio ugari atera daitezke nire ustez…
-Guk Herria, komunitatea, ekonomia soziala, elkarbizitza, partehartzea eta gizarte eredua, zorionez, ezberdin ulertzen dugu, ezberdin eraikitzen dugu, kultura alternatiboa maite dugu, eta bizitzeko filosofía ezberdinez elikatzen gara…Haiek aldiz ez, haientzako hau guzti hau, mehatxu bat besterik ez da, beraien sistemari kalte egiten dion oztopoa.
-Boterea, eraikuntza enpresen eta asko daukatenen interes pribatuekin egongo da beti, gauza bera direlako, eta horretarako, bere esku dagoen guztia erabiltzeko prest dago; biolentzia sistematikoa eta zigorrak.
-Soluzio bide negoziaturik ez da sartzen beraien eskeman. Edo beraiekin zaude, edo beraien kontra. Erantzunkizunak ekiditzen dituzte eta soilik presiopean, barregarriak diren proposamenak saltzen dituzte.
-Lurzoru horek, ia lau urteren ondoren, hutsik jarraitzen du (nahiz eta jabe ofiziala mugimenduetan ari den…). Batzuk, hori nahiago, sistematik kanpoko edozein proiektu autofinantzatu baino, dena delakoa.
-50 kalekide ingururen kontrako epaiak pairatu behar ditugu. Guzti horrek daukan kostu animiko, pertsonal eta ekonomikoak kontuan izanda.
-Zer nolako balioa du, Aratekoak esatea, poliziaren jarduera bat justifikaezina izan dela?
-Eraso egiteagatik polizia bat kondenatua izateagatik pozik egon beharko genuke? Nahikoa al da? Zer nolako ondorioak izango ditu beregan?
-Epaituak izan beharko luketenak, ez dituzte inoiz epaituko.
-Eraikinaren jabe ofiziala, interes partikular bat izan zezakeen bakarra, akusaziotik erretiratu baldin bada, zergatik ez du gauza bera egin fiskaltzak? Nor babesten du fiskalak orduan?
-Kukutza auzia dela eta, herritar guztiak absolbitzen ez badira edota karguak kentzen ez badira, edota epai irmoak desegiten ez badira, ez da auzi justu bat izango.
-Kukutza auzia dela eta, poliziak eta erantzule politikoek erantzunkizunik hartzen ez badute eta zigortuak izan behar dutenak zigortuak ez badira, ez da auzi justu bat izango.
-Guzti honek, kalekideen arteko elkartasuna indartzeko besterik ez du balio izan, eta jakina, beste eredu bat posible dela eta gero eta gehiago garela konturatzeko ere.
Partekatu
Batu zaitez Osoigora